XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal Lexiko Etnografikoa-n uztargilea hitza honela aipatzen da: Abereak lotzeko erabiltzen diren uztarriak egiten dituen esku-langilea.

Hau behin eta berriz errepikatzen da.

Baina uztargilea dugu ere kanpandorrerako uztarria egiten duen esku-langilea.

Eta hemen adieraziko dut ere uztargile bezala ezagutua izan dela ezkongilea casamentero, gaur egun esango genukeen bezala, bitartekaria, intermediario.

Arotz burdina gorritzea arotz/errementarien entretenimentua izan da.

Denborapasa honetan burdina zati txiki bat hotzean hartu eta txingure gainean mailukatuz ea zeinek denbora gutxiagotan gorritu eta zigarroa berarekin piztu, jokatzen zen.

Arotz burdina gorritzea joku azkarra eta laburra izan ohi zen; Baigorrin entzutea izan nuenez, minutu batekoa, gutxi gora behera.

Arotz mailu jokoa, leku berean jasotako berrien arabera, arotz/errementarien jolasa zen hau ere.

Jokalaria tente jarrita, heldulekutik heltzen zuen mailu pixua eta altxatzen saiatzen zen mailuaren buruarekin sudurra ikutu arte.

Zorrozture hitzak, besterik gabe, ez digu bere esan nahi aberatsa adierazten.

Nafarroako Arriben zorrozture, Urrekategia etxeko errementariarekin baserritarrek egiten zuten urteroko tratua izaten zen.

Lanabesak zorroztu, gari, babarrun, belar, etabarren truke.

Belar-onak. Honekin bakarrik ez dut gauza haundirik adierazten nere Lexikorako.

Han-hemenka, San Joan goizean bedeinkatzen diren lore-belarrak izen honekin ezagutuak bai dira.

Herri askotan sendagai bezala erabiltzen dira, ekaitzaren aurkako indarra ere badute eta San Joan sugarretan amaitzen dute, sua bedeinkatuz.

Oharterazi nahi dut Euskal Lexiko Etnografikoan badirela atal baten baino gehiagoetan azaltzen diren hitzak, dagokien izen buruari erantzunez.

Adibide bezala zintzarri hitza.

Hitz hau Iñauterian, Baserria, Artzantza eta Burdingintzan aurki liteke.

Baita ere Eguberrietako ospakizunetan eta mitologi arloan; alargunen baten ezkontzaren berri emaile ziren txantxa kutsuko zintzarri jotzeak edo zenzerradak, ahaztu gabe.

Azkeneko gogorapen hauek Lexikoan aurkitzen denaren aberasgarri dira.